XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. Jardunaldietako Sarrera-agurra

(1997ko martxoaren 7an Euskararen Unibertsoa Jardunaldietan parte hartzera etorritakoei Talde Eragilearen izenean Xabier Mendiguren bozeramaileak egindako agurra).

Egun on eta ongi etorri guztioi, Euskararen Unibertsoa egitasmo honetan hamabost hilabetez lanean ari izan garenon guztion izenean. Hasteko esango dizuet 400 inguruk eman dugula izena gaur eta bihar egingo ditugun jardun hauetarako, eta agian guztiek oraindik iristerik izan ez badute ere, egunean zehar eta bihar gehientsuenak hemen izatea espero dugula.

1995eko abenduan, Egunkaria Sortzen taldekook, urtean ohikoak diren bi bileretako bigarrena egitean gaur hastera doazen Jardunaldien moduko zerbait antolatzea erabaki genuen, han bildutakoen eta euskal kulturgintzako talde desberdinen artean nabari zen kezka eta ondoezaren aurrean.

Hala ere, pauso berri hori ematerakoan, ez genuen asko susmatzen orduko erabaki hark zenbaterainoko lanak bizkarreratu behar zizkigun.

Gerora Miramar Jauregiko I. eta II. Bilera jendetsuago haietan hasierako asmoa pixkanaka gorpuztuz joan zen, eta duela urtebete, 40ko boluntario-multzo batek lantaldeak eratu eta Jardunaldiotako aztergai izango ziren testuak prestatzeari ekin genion.

Aldi berean, agintari desberdinei Euskaren Unibertsoa egitasmo honen berri ematen hasi ginen, aldi berean alderdi, sindikatu eta erakunde nagusi eta euskalgintzako arduradun eta talde ugariri ere geure ideia eta helburuak jakinaraziz